XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- ez da beharrezko, Cerilla, ba dakizu, pianista, gure beste laguna da, berak esango dizu.

Orain joan zaitez, berak gidatuko zaitu.

Ni zai egongo natzaizu.

Emakumea almendro artean desagertu zenean kamareroa errestaurantera abiatu zen lasterka.

Zenbat denbora pasa ote zuen errestaurantetik atera zenetik kalkulatzen saiatu zen, baina ez zuen ezer asmatu, aspaldi izan zela zeritzaion eta urrun, oso urrun, gelditzen zirela gau hartan ikusi zituen gertaera erogarri guztiak.

Baina ez zeraman uste bezain denbora pila kanpotik.

Poliziarik ez zen azaltzen, eta errestauranteko salan lehengo egoera berbera zegoen, lehengo zarata, ardaila eta suspirioak entzuten ziren aurreko plazatik.

Zuzenki pianistarengana jo zuen.

Pieza bat jotzen ari zen jendeari bizkarra emanez.

Cerilla sekretu bat zen, gau horretako beste sekretuekin harremanatua jakin berri zuenez zegoen sekretu bat.

Beltzarana eta flakoa, pospoilo baten arauera egindako lepo eta buru baten jabe, nahiko berria zen etxean, bi urte eskas zeramatzan pianista bezala.

Egun euritsu batez ailegatu zen fantasma baten gisa, uretan blai, inoiz baino argalago, adar ihartu bat zirudiela.

Pianora zuzenki joanez harrigarriro jotzen hasi zen, eta ordu laurdena aski izan zitzaion bezero guztien ardura ekartzeko, jabea bera ere liluratzeko.

Txaloka hasi zitzaion jendea.

Jabeak segituan kontratatu zuen.

Cerillak kondizione bitxiak eskatu zituen, ez zuela ezer handirik kobratuko, baina bere buruari buruzko anonimato osoa nahi zuela.

Esate baterako, Cerilla deitu beharko ziotela, ez zuela beste izenik.

Espainola zela, eta ez zuela inolako problemarik ekarriko.

Ametitua izan zen, bere trebetasuna zela medio.

Jabeak ba zekien jende asko artista hari entzuteagatik bakarrik etorriko zela.

Eta zuzen zebilen, gainezka jartzen baitzen errestauranta bere ihardunak entzutearren.

Cerillak, gainera, munduko begirik tristeenak ekarri zituen bere melodia alaiekin batera, eta honegatik, amodiozko pena haundiren batek ekarri zuela hurira somatu zuen jendeak.

Beste askok kontzertista famatua zela defendatzen zuten, ez dakit nongo frakasuagatik izkutatzea erabaki zuena.

Baina denboraren poderioz zurrumurru guztiak ahaztu egin ziren.

Orain ere bere begi tristez begiratzen zion kamareroari.

Baina irrifar ere egiten zuen, irrifar xuabe bat bere lankide gertuenaren ohorez.

- ikusten al duzu? eta salaren erdian zegoen jende berbatia seinalatu zuen.

- orain jakitun sentitzen dira denak, eta izugarrizko erailketa eta lapurretak eransten dizkiote, bere lerde zikina botatzen diote gainera bera odolustutzen den heinean.

Inork ez du hitz on bat hil berri batentzat.

- zuk ezagutzen al zenuen, Cerilla? - Kid Jerez deitzen zioten, aspaldi bozeolari on bat izan zen, baina gizarajogia zen mundu horretan defendatzeko.

Pentsa, orain dela hamar bat urte munduko txapelketa jokatu zuen Primo Carneraren kontra.

Irabaztekoa zuen, Primo hori bloof bat baizik ez baitzen, baina borrokaldiaren bezperan hiru emakume bota zizkioten ohera, eta jakina, han hustu zen, han galdu zituen indarrak, ez zion igertzen tranpa baldarrenari ere.

Eta Cerillaren begiak, berez tristeak, sentimenduaren mugan kokatzen ziren.

- baina eskultura puskatzea ez da ondo egon.